Bilatu

Euskalherriko Mendizale Beteranoaren Martxa

 

Kaixo Euskalherriko Mendizale Beterano guztiak:
Hona datorren hilean,Urriak 30 erako, prestatu dizuegun irtenandia.
Aurten IRUNEN izango da.
Gure herria, hainbat lekuetan ezaguna dena, bere Muga-kondizioari esker, baditu bere lurretan mendi bazterrak, edertasunez josiak, ilunean gordiak. Horiek erakustera goazkizue.
Parkina, irteera puntua, eta bazkari lekua, Irungo “Azken Portu” Polikiroldegian egongo dira.
Hemendik irtenda, ( 4 m.), paseo txiki bat egingo dugu Irungo Alde Zaharretik, Santa Elena Ermitatik, (Erromatarren denboretako aztarna lekua ea Museoa), pasata herriaren kanpoaldera abiatzeko.
Orain hasiko gera mendian aldapa gora. Lehen puntu interesgarria Zamora izeneko baserri zaharra, (102 m.), izanen dugu.
Orain aldapa gora, eguneko lan gogor bakarra dugu egiteko. Oihan eta zuhaitz tartetik jarraituko dugu gure bidea, goikoElurretxe izeneko leporaino. (500 m.).
Aurrean ditugu orain Aiako Harria, beren handitasun disdiratsuan. (Gora igoteko modurik ez da izango, ordutegia eta luzaera nagusi direlako).
Errepidea gurutzatu eta Elurzulo deritzan tokitik, (elurra gordetzeko parada zabal, berexia), abiatuko gera eguneko punturik altuenera, Ursain, (535 m), edo Everest txikira iritsi arte.
Orain beherako bidea hartuko dugu eta jaitsieran zenbait toki berexi eta ikusgarriak,bisitatzeko aukera izango dugu; denak meatzaritzakin, (mineriakin) lotuak.
Lehenengoa, Meazuri izeneko paraje edo bailaratxo zoragarria. Gero ibarrean aurrera eginda, ezkerretara agertuko zaizkigu Aitzondoko Ur-jauziak, hauek ere ikuskizun zoragarriak.
Bidean aurrera, haitzetan zulatutako tunel batzuetatik pasatuko gera, Enbido leku ezagunakin topo egin arte. (300m.).
Aldapa gogorra baina ez luzea jaitsi eta berehalaxe gaude Irugurutzetako Labeak ikusteko puntuan. Pixkat aurrerago Ola Sagardotegia, aintzineko burdinola, arkitektura berexiz josia.
Orain hemendik xuxenean Polikiroldegira, lagun-arte gozozko giroan, hainbat lekutik etorritako jendeari alkar ezagutzeko aukera emanez. Ondoren bazkaria toki berean, Polikiroldegiko ostatuan.
Ordurarte, zuen zai gaituzue Irunen.

Erabateko distantzia:16386 m
Goratze handiena:546 m
Goratze txikiena:1 m
Mailaz igotako guztizkoa:802 m
Jaitsitako guztizkoa:-798 m
Denbora osoa:04:08:34